“Proiektu hori ZICLArekin egin zen, 2013 eta 2025 artean indarrean zegoen lankidetza-akordioaren esparruan.”
Iturria: Restyling proiektuaren partzuergoa.
SITECO enpresa arabarrak, ZICLAren partaidetzarekin, arrakastaz gauzatu du RESTYLING ekoberrikuntza proiektua, bere tiketing eta kobrantza makinen birmanufaktura sistema berritzaile bat ezartzeko. Hain zuzen ere, RESTYLING izeneko negozio-lerro berri horri esker, osagaien berreskuratze garrantzitsua egin daiteke makinen bizitza luzatzeko, ingurumen-aztarna murrizteko, kostu ekonomikoak murrizteko eta bezeroak fidelizatzeko.
Birmanufakturaren garrantzia ekonomia zirkularrarentzat kobrantza-kudeaketaren sektorean.
Tiket-makinek eta kobratzeko kudeaketa-makinek laguntza ematen diete horiek erabiltzen dituzten enpresei (garaje publikoak, unibertsitateko jantokiak edo enpresak, kiroldegiak, musika-ekitaldiak, etab.) zerbitzu espezifiko baten erabiltzaileak zerbitzu horretara sar daitezen eta/edo hura ordain dezaten.
SITECOk, makina mota horien fabrikatzaileak, onlineko renting, mantentze eta aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dizkie bezeroei, eta bere produktuak sendotasun eta iraunkortasun irizpideekin fabrikatzen dira. Hala ere, azken urteotan enpresa lehiakide berriak sartu dira merkatuan. Egoera berri honekin, SITECOk bere betiko bezeroen aldeko apustua egin du, duela 15 edo 20 urte instalatutako makinak berrituz eta prest jarriz.
Helburuak, jarduerak eta emaitzak.
RESTYLINGen helburu nagusia SITECOk fabrikatutako makinen bizitza baliagarria luzatzea izan da, hondakin elektriko eta elektroniko bat sortzea saihesteko eta, aldi berean, enpresak saldutako makina zaharrenen bezeroak atxikitzeko, ingurumenari dagokionez lagunkoiagoak eta prezio erakargarriagokoak diren makinak eskainiz.
Hori lortzeko, birmanufaktura-prozesuaren behar teknikoak eta horiei aurre egiteko SITECOren gaitasuna diagnostikatu dira. Proiektuaren esparruan, SITECOren 6 makina errealen (bere katalogoko 5RC eta mini RC ereduetakoak) birmanufaktura-prozesua egin da eskala pilotuan, eta horien funtzionamendua baliozkotu da bezeroetan. Proiektuaren hedapenari esker, SITECOk bere helburu-merkatuan kokatu ahal izan du, aintzatetsitako birmanufaktura-zerbitzuen hornitzaile zuzen gisa.
RESTYLING prozesuaren barruan 5RC makina bat birmanufakturatzeak 94 kg CO2 isurtzea aurrezten du, makina berri baten fabrikazioaren eta salmentaren aldean. SITECOk berrmanufaktura-protokolo bat sortu eta ezarri du lan-ildo honetarako. Protokolo horretan, honako hauek jasotzen dira: desmuntatze-prozesuak, piezen destinoa (birziklatzea, beste makina zahar batzuetarako ordezko piezak bezeroan, edo makina birmanufakturaturako piezak), kasu bakoitzean beharrezkoak diren garbiketa- edo egokitze-eragiketak, eta birmanufakturatutako makina muntatzeko jarraibideak. Gainera, proiektuaren esparruan, instalazioetako birmanufaktura-prozesuaren azterketa egin da, eta, horrela, prozesuaren indarguneei eta hobetzeko marjina dutenei buruzko ezagutza lortu da.
Kalkuluen arabera, RESTYLINGek % 14ko ekarpena egingo dio SITECOren fakturazioari, kobrantza eta ticketinga kudeatzeko makinen lerroan.
Finantzaketa.
RESTYLING Eusko Jaurlaritzaren Ekoberrikuntza Zirkularreko Laguntzen Programak babestu du. Programa hori IHOBE Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak kudeatzen du 2021eko deialdian, eta EGEF funtsak ditu finantzatzeko.
